28/08/2026
Actualizado a las 14:08h.
Bi aste baina ez dira geratzen Euskal Jai Egunerako eta Zarauzko Udalak Euskal Asterako prestatu duen egitaraua ezagutzera eman du. Egitarau hau Udalak herriko eragileekin elkarlanean antolatu duen programa da.
Euskal Asteko egitaraua irailak 1etik 9ra luzatuko da baino dagoeneko lehen ekimenak burutu dituzte. Bertsolari Gazteen L. Lizardi Sariaren lehen kanporaketa saioak ostegun eta ostiral iluntzean ospatu dituzte Santa Klarako aretoan eta finala irailak 5ean, ostirala izango da Modelo Aretoan.
Irailean sartzearekin batera, dantzaz, musikaz eta kulturaz beteko dira Zarauzko kaleak Euskal Asteak irauten duen bitartean.
Lehiaketak eta ikastaroak
Urtero bezala, egun hauetan hainbat lehiaketa ere izango ditugu. Aipaturiko Bertsolari Gazteen L. Lizardi Sariaz gain, Helduen Binakako Dantza Txapelketa, Bikote Gazteen Dantza Txapelketa eta XXXVIII. Aurresku Txapelketa lehiatuko dira.
Ez dira faltako aurten ere Frontoi Txikin azken urteetan gauzatu diren, eta ain harrera ona izan duten, fandango eta arin-arin ikastaroak, Jon Alkain eta Alaitz Garciaren eskutik, Zarautz TRIKek lagunduta.
Datorren astean zehar egunero 17:30ean ekingo zaio ikastaroari eta bertan parte hartzeko ez da izena eman beharrik bertaratzea nahiko izango da.
Xala Aritzbatalden
Newsletter
Irailaren 5ean, larunbata, lehen aldiz ZKEko pilota atalak Euskal Asteko Pilota jaialdia antolatuko du. Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko den jaialdi honek doako sarrera izango du eta bertan izango da buruz-buruko eta binakako txapelduna izandako Ives Salaberri 'Xala' pilotaria.
Irailaren 6an, igandea, Haurren Euskal Jai Eguna ospatuko da, etxeko txikienak protagonista izango dituena. Ez dira faltako puzgarriak, erraldoi eta buruhandiak eta beste herrietatik etorritako dantzari gazteen emanaldia eta kalejira.
Astelehenean, irailaren 7an, herriko kultur taldeek 'Sagardoa eta Txakolina, zarauztarron sendakiña' emanaldia izango dugu Lege Zaharren enparantzan.
Euskal Jai eguna
Irailaren 9an, asteazkena, Euskal Jai Egunaren txanda iritsiko da eta goizean goizetik musikaz eta kantuz beteko dira gure kaleak. Aurten, Munoan garatzen ari diren obrak direla eta, bertan ospatzen ziren ekitaldiak lekuz aldatu behar izan dira eta ondorioz, Alproja Taldearen emanaldia Zelai Ondoko kantxan izango da eta, aldiz, eguerdiko eta gaueko erromeriak, Lege Zaharren Plazan gauzatuko dira. 13:30ean, aurtengo Euskal Jaietarako egindako bi karrozak izango dira ikusgai, Amaia Zuazobidek eta Jose Luis Lasak egindakoak.
Honekin batera, urtero errepikatzen diren ekitaldi, dantzaldi eta musika emanaldiak izango dira egun guztian zehar. Turismo Bulegoan jada eskuragarri dagoen egitarauan jasotzen den moduan.