Autosufizientzia energetikoa lortzeko eredua proposatu dute EHUk, LABek eta BC3ko ikertzaileek | El Diario Vasco

2026/09/12

12/09/2026 a las 13:48h.

Gaur egun Euskal Herrian kontsumitzen den energiaren gehiengoa oraindik ere erregai fosiletatik dator. Zehazki, %79a, Euskal Herriko Unibertsitateko Life Cycle Thinking ikerketa-taldeak, LAB sindikatuak eta BC3, Basque Centre for Climate Change, ikerketa-zentroak lankidetzan argitaratu duten artikulu zientifiko baten arabera, eta horien hornitzaile nagusia Amerikako Estatu Batuak dira. Hori gutxi balitz, Espainiako kontsumoaren batazbestekoa baino gehiago kontsumitzen da, eta Europa mailan, erregai fosilekiko dependentzia handienetakoa duen eskualdea da.

Horri irtenbidea emateko eta autokontsumo energetikorako bidea egiteko aukerak aztertu dituzte ikerlariek, Euskal Herriak 2050erako trantsizio energetiko justu, publiko eta burujabea lortu ahal izateko beharrezko neurriak aztertuz. Ikerketaren emaitza 'Utilities Policy' aldizkarian argitaratu berri dute. Azterketaren arabera, «lehenik energia-kontsumoa % 51 murriztu daitekeela ikusi dugu, sektorez sektoreko neurriak hartuz. Besteak beste, energia-galeretan eta transformazioan % 80 murriztea; garraioan % 61; industrian % 30; etxebizitzetako kontsumo termikoa % 50…», adierazi du Ortzi Akizu EHUko ikerlariak, Erlantz Lizundiak, LABeko Martin Lallana eta BC3ko Unai Pascualekin batera egindako ikerketari buruz. Horrekin batera, energia-sorkuntza %386 handitu beharko litzateke. «Energia berriztagarriaren 37 GW-eko potentzia instalatu beharko litzateke, teilatuak eta, ahal den neurrian, lursail ez-emankorrak erabiliz instalazio eoliko zein fotovoltaikoak ezartzeko, baita biomasaren hondakinak erabiliz ere», azpimarratu du, eta teilatu guztietan eguzki-plakak jartzeko beharra nabarmendu du.

Horrekin batera, instalazioen gehiengoa jabari publikokoa izateko beharra azpimarratu dute, «trantsizio energetikoa ez da justua izango publikoa eta berriztagarria ez bada». Ildo horretan, datozen bi hamarkadatan egin beharreko inbertsioak ere kalkulatu dituzte eta aurrekontsu nazionalaren, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea kontutan izanik, %2,6a bideratu beharko litzateke urtero. «Nagusiki era publikoan gauzatu litekeela trantsizio hori, instalazio berrien % 65 jabetza publikokoak izan daitezen», diote ikertzaileek.

Era berean, gaur egun etxeetan zein industrian eta erabilera publikoan kontsumitzen den energia kopurua %51 murriztea beharrezkoa izango dela ohartarazi dute. «Besteak beste, energia-galeretan eta transformazioan % 80 murriztea; garraioan % 61; industrian % 30; edota etxebizitzetako kontsumo termikoa % 50», adierazi du Akizuk. Hori bai, kontsumoa jaitsi arren, sorkuntzarako gaitasuna ere handitu beharko litzateke oiberrizko beharrizanak asetzeko: «Nafarroako Foru Erkidegoan 2,6 aldiz handitu beharko litzatekeela egungo sorkuntza berriztagarria, Ipar Euskal Herrian 5,6 aldiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan 7,1 aldiz».

Ikerketaren helburua energia kontsumoaren inguruko eztabaida publikoa bultzatzea izan da. «LAB sindikatuak beharrezkoa ikusi zuen kontsumo ez jasangarriaren atzean dagoen eredu energetikoa aldatzeko proposamen berri bat lantzea, eta EHUk eta BC3k bat egin dute lehen ahalegin honetan. Ikerketa hau lehen pausoa izanik, gizartean trantsizio energetikoa sustatzeko elkarrizketak sortzeko garaia da, bai enpresaz enpresa, bai erakunde publikoetan zein norbanakoengan».