08/08/2026 a las 12:02h.
Datorren asteazkenean, abuztuaren 12an, hainbat hamarkaden ondoren eguzki eklipse bat berriro ikusteko aukera egongo da Gipuzkoan. Eklpsea modu berezian bizi nahi dutenentzat Chillida Lekuk bere ateak irekiko ditu nahi dutenek bertatik ikusi dezaten fenomeno astronomikoa. Bisitariek eskulturen artean ibiltzeko aukera edukiko dute, egun horretako argi bereziak emango dien itxura ezberdinaz gozatuz.
Ekitaldirako sarrera doakoa izango da baina plazak mugatuak direnez, derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea www.museochillidaleku.com webgunearen bitartez. Arratsaldeko 19:00etan irekiko dira aterak eta taberna zerbitzua ere irekita egongo da.
Gainera, museoak antolatu duen udako egitarauaren baitan, datorren abuztuaren 20an 'slow motion' esperientzia egingo da, 'Emozioak naturan zintzilik' izenburupean. «Proposamen hau eguneroko errutinaren barruan parentesi kontziente bat sortzeko asmoz sortu da, autozainketarako, erabateko arretarako eta barne-konexiorako espazioa esploratzea proposatzen da, norberaren entzuketarako eta ongizate partekaturako uneak sortuz», azaldu dute antolatzaileek.
Maria Ollo eta Zuri Uriartek gidatuko dute saioa. Dinamika ezberdinen bidez, lasaitasuna, jakin-mina eta harritzeko gaitasuna landuko dute parte hartzaileek, inguratzen dituenarekiko sentsibilitatea piztuz eta orainaldian bizitzeko modu berriak aurkituz. Ekimena arratsaldeko 17:00etatik 20:30era egingo da eta sarreraren prezioa 70 eurokoa izango da.
Hilaren 22an, berriz, familientzako arte tailerra antolatu da Eider Baile artista eta hezitzailearen eskutik. 'Gorpuz geometrikoak' erakusketatik abiatuta, Eduardo Chillidaren, Larry Bell-en eta Nora Aurrekoetxearen obrak beste modu batera ikusi eta esploratzeko bidea emango du, bolumenak, hutsak eta materialak modu ludiko batean aztertuz.