12/09/2026 a las 13:48h.
Zientziak Donostian topaleku garrantzitsu berri bat izango du aurrerantzean. Donostia International Physics Centerrek hilabete honetan abian jarri du Sparks nazioarteko zientzia topaketa eta hilabete batez nazioarte berrogeita hamar zientzialari inguruk ikerketa aurreratuen inguruko gaiak landuko dituzte.
Lehenengo edizioa izango da aurtengoa eta lau astez 'materia kuantiko exotikoa' eta hura neurtzeko eta kontrolatzeko estrategiak izango dituzte hizpide zientzialariak. DIPCeko ordezkariek azaldu dutenez, «ikerketa-esparru horrek potentzial handia du sistema kuantiko konplexuei eta etorkizuneko aplikazioei buruzko ezagutza zabaltzeko». Besteak beste, «hainbat plataforma kuantikorekin lan egiten duten adituak eta gorputz askoren efektu kuantikoak deskribatzeko metodoen garapenean espezializatutako ikertzaile teorikoak bilduko dira».
Nazioarteko zein bertako puntako zientzialariek parte hartuko dute ekimenean. Horien artean egongo dira Francesca Ferlaino Austrian 2025eko Zientzialari izendatua, materia kuantikoaren azterketan nazioarteko erreferentea, atomo magnetikoen eta egoera kuantiko berrien gas ultrahotzen ikerketan aitzindaria eta SPARKen lehen edizio honen antolatzaileetako bat; eta Ignacio Cirac, informazio eta konputazio kuantikoan munduko fisikari teoriko nabarmenetako bat eta Max Planck Optika Kuantikoaren Institutuaren Teoria Ataleko zuzendaria.
Topaketak dinamika moldakorra izango dute eta tailerrak parte hartzaileekin batera diseinatuko dira, lan-asteetan sortzen diren behar zientifikoetara egokituz. «Helburua giro dinamiko eta biziki interaktiboa sortzea da, zeinetan ezagutzen etengabeko trukeak sormena eta ideia berrien agerpena bultzatuko baititu», azaldu dute. Zientzialariak gainera, DIPCek eskainitako instalazioetan hartuko dute ostatu, saio zientifikoetatik haratago elkarbizitza ere sustatuz.