15/09/2026 a las 14:12h.
Hegoalde Globaleko herrialdeetan laguntza proiektuak abian jartzeko Garapenerako Lankidetzalako diru-laguntzen deialdia ireki du berriro ere Kutxa Fundazioak, Denon Artea Denetik Kutxabankeko langileen elkarteak eta Jubikutxa Kutxako erretirodunen eta pentsiodunen elkartearekin batera. Diru-laguntzak garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen edota egoitza fiskala Gipuzkoan duten hirugarren sektore sozialeko erakundeei zuzenduta daude. Hala ere, kontutan izango da esku-hartzea egiten den herrialdeetan bertako erakundeekin lankidetzan aritzea proiektuak baloratzerako orduan.
Proiektuak arlo ugaritakoak izan daitezke, besteak beste, pobrezia desagerraraztea, osasuna, hezkuntza, emakumeen eta neskatoen ahalduntzea, oinarrizko azpiegituretarako sarbidea eta saneamendua, garapen ekonomikoa, kultura edo larrialdi humanitarioei arreta ematea helburu dutenak. Gainera, bereziki baloratuko da genero-berdintasuna, giza eskubideak, gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuna lantzea, baita ekimenetatik espero den inpaktua eta parte hartzen duten komunitateetan onura iraunkorrak sortzeko gaitasuna ere.
Proposamenak urriaren 15era bitartean aurkeztu ahal izango dira Kutxa Fundazioaren Deialdien atariaren bitartez. Jasotako eskaera guztiak berariaz sortutako Garapenerako Lankidetza Batzordeak aztertuko ditu. Proiektu eta erakunde bakoitzeko gehienez ere 20.000 euroko diru-kopurua emango da. Era berean, erakunde bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du, lankidetzarako laguntzak ahalik eta garapenerako gobernuz kanpoko erakunde gehienengana iristeko asmoz.
Proposamenak aurkezterakoan, proiektuaren nondik norakoaz azaldu beharko dira, baita ere berau garatzeko aurreikusitako aurrekontua. Honela, azterlanetara eta ikerketetara bideratutako ekimenak, deialdi honetatik kanpo geratuko dira.