01/09/2026 a las 06:47h.
Errenterian bizi da baina sarri, aise, gustura ibiltzen da Egian. Informatika-sistemak ikasi zituen Zubiri Manteon eta bideo jokoak sortzen, garatzen, diseinatzen Syntesis eta Area eskoletan. Izugarriak, azkarrak, filosofikoak, muturrekoak dira Tik Token dituen piezak. Probokatzaileak ere. Berak 'rage bait' adiera erabiliko luke defini-tzeko. 'Rage bait', bai; 'haserre-amua', sare sozialetan nahita sortutako edukia, erabiltzaileei amorru edo indignazioa eragiteko helburua daukana. Larunbatean Parte Zaharreko McDonald's aurreko espazioan lagun saldoa bildu zituen sareen bitartez eta hor ibili ziren harro eta serio iskanbilatsu 'aura farmeatzen'. Idatzi du Joan Mariek izatez, pelikula baterako pentsatua zuen ipuina. Kaleratu berri du, bai, Donostiako underground eszenan gertatzen den BDSMeko narrazio erromantikoa. Bertan, 'kink' unibertsoan gertatu ohi den 'puppy-play'-en aritzen dira bi neska trans. Liburuak Amarako Kaxilda topalekuan daude. Edo berari, Joan Marieri,eskatu sareen bitartez.
– Aurrera egin aurretik, jorratuko al dugu pixka bat hiztegia?
– Ados
– BDSM.
– Wikipedia askean aurkituko duzu esanahia, euskaraz, gainera: 'Sexu-ekintza eta praktika erotiko multzoa, non bondagea, dominazio eta sumisioa, sadomasokismo eta beste pertsonen arteko dinamikak ematen diren'. Denak ez dira, ez gara, praktika zehatz horien barruan identifikatzen baina denok dugu gustuko komunitate horretan, azpikultura horretan auto-identifikatzea.
– 'Kink' unibertsoa.
– Oraingoan ere Wikipediak lagunduko gaitu: 'Giza sexualitatean ohikoak ez diren jardute, kontzeptu edo fantasiak biltzen dira bertan'.
– Puppy-play.
– Helduen arteko rol-joko mota, non pertsona batek txakurkumearen portaera, mentalitatea eta azala hartzen dituen, eta beste batek maiz zain-tzaile edo jabe papera egiten duen.
– Funtsean ez da ba joko erotikoa...
– Bilaka dezakezue, nahi izanez gero. Nik nire liburuan muturreraino eraman dut. Zergatik? Kontua ez zen, niretzat, 'txakur-jolasean' aritzea sexualki baizik eta orrialdeetan zehar Maitek bidaia mingarriari ekingo diola, bere burua zenbateraino sakrifikatzeko prest dagoen jakiteko. Liburuaren lehengo atalean eta azken azken esaldietan egoera berean aurkitzen dugu gure protagonista.
– Neguko arratsalde triste batean, jaka estrafalario samar jantzita. Le Bukowskiren aurrean. Negarrez (...) Emozio jolas-parke batean bizi izan da, bizi da egunotan, Marie.
– 'Jende askok badaki Marie Magdalene atsegin emateko egina dagoela; txakurtxo otzana izan ziteken...'.
– Jabe onik aurkituz gero. Ala, hobe pentsatua, igual bere buruaren jabe izaten saiatuko balitz...
– Pelikula bat egin nahi nuen liburua bainoago. Horrexegatik agertzen da nire izena zinema entziklopedia digitaletan. Alegiazko film horretan gerta liteke Marie beste etorkizunik izatea. Existitzen ez den pelikula honetarako Louise Wearden 'Castration Movie' edo Jane Schoenbrunen 'I saw the TV Glow' hartuko nituzke inspirazio. Soinu bandan Nine Inch Nails eta Slipknoten musika nahiko nuke izan.
– 'Kreatura ederrak' hitzekin agur-tzen dituzu irakurleak. Alta, 'hater/ gorrotatzaile' pila duzu sareetan...
– Hamaika, bai. Esaten didate ezin dudala inorentzako trans erreferentea izan ez naizelako 'normala'.
– Aiba! Eta esaten dizute mezu horietan beraientzat 'normala' zein den?
– Zer uste duzu zuk? Ez! 'Normaltasuna' kapazitismoak, kolonialismoak eta inperialismoak eraikitako adiera, 'gizarte-konstruktua' da. Ni neurodibergentea naiz. Ez dut 'normala' izateko ez asmorik ez modurik. Eta erreferente izateari errespetu handia diot. Baina bestaldetik, ederki dakit sareetan dudan presentziagatik saldu ditudala hainbat liburu ale.
– Eta jende multzo eder bat erakarri Parte Zaharreko atarira. Orduak eman zenituzten 'aura farmeatzen'.
– Pentsatua nuen Alderdi Ederren egitea baina ordu berean beste deialdi bat zegoen McDonald'sen, beraz, hor elkartu ginen denok. Aura farmea-tzea edo 'itzala lortzea', 'kresala har-tzea' ekintza garrantzitsua da. Oso.
– Zergatik?
– Espazio publikoez berriro jabetzeko aukera baita. Kapitalismo-sistemak, espazio publikoek pribatizatu ditu. Terrazak, kasu. Kalean izateko, eguzkitan izateko bai ala bai zerbait kontsumitu behar duzu, kafea, izozkia, kañarik. Farmeatzen ari garela, pribatizatu diguten espazio publikoa egiten dugu berriz gurea... ezer kontsumitu gabe
– AAk itzuli dizu liburua euskarara eta gaztelaniara. Ortopediko samar baina tira, badu estiloa hor nonbait.
– Euskara ikasten ari naiz baina oraindik ez naiz gauza euskaraz idazten eta ez dut sosa handirik itzultzaile on bat pagatzeko. Egia esatearren,'zikina' sentitu naiz AA erabiltzen. Gozatu ere, gozatu dut... Adimen Artifiziala euskararen zerbitzuan jartzen.